XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta horrela erabiltzen da gaur egun, gainera, arlo horretako profesionari euskaldunen artean ere: Zuzenbide-Fakultatea, Zuzenbide-Hiztegia, etab., erdarazko Derecho gisa, hain zuzen.

Nola esan, beraz, delako dirección hori euskara onean? Alde batetik, hortxe ditugu, egokiro gainera, bide-seinaleetako Norabidea, eta zuzendariaren kargu edo bulegoa adierazteko Zuzendaritza ezagunak, baina horiez gainera ba da beste bat ere, kasu konetan aproposagoa: Helbidea (heldu+bide).

Berau bulego, lantegi, fabrika, eskola, institutu eta antzeko lantokietarako egokia da, esangura orokor eta zabala duelako.

Ba dugu, azkenik, beste hitz bat ere, bizilekua, erdarazko domicilio-ren antzera, norbera bizi den etxe, egoitza edo tokia adierazteko ondo datorrena.

22. HONETAN, HORRETAN ETA HARTAN ERE BAI

Euskaltzaindiak aspalditxoan arazo honetaz bere eritzia agertu duenez gero, gaur aipatzera noan puntuan ez luke, berez, inolako zalantzarik egon behar.

Hala ere, beren lanbide edo profesioagatik (irakasleak, itzultzaileak, idazleak, telebista-irratietako aurkezleak etab.) arau horiek ondo baino hobeto jakin eta konplitu beharko lituzketen askok eta askok, egunero hontan hortatik haretara, hontasko, hartarako, honeri, hareri modukorik jo eta ke esan eta idazten dutela eta, ez da gaizki etorriko, eztei zaharraz gonbite berri egiteko arriskuaz ere, puntu horiei berriz ere ukitzea.

Norbaitek, noski, berauek txikikeriak direla pentsa dezakeen arren, beste batzuk, ordea, gure haur eta gazte gehienek gure hizkuntza ikasten duten une honetan, ez dugu uste komunikabideek eskaini beharko lieketen eredutasun eta finkatze-laguntza inondik ere baztertzekoa denik, are gutxiago, gainera, telebista, prentsa eta irratietan gaizki edo gutxienez ikastegian edo liburuan ez bezala agertzen diren esaldi arduragabeengatik gero irakasleari etengabeko galderak egiten zaizkionean: ongi erantzuteko txarrak, gainera: Eta orduan, Euskaltzaindiak zuk diozun bezala hori erabakia baldin badu, zergatik ez dute horrela esaten ETBan, irakasle?